2011/12/28

Ingurumen helburuen erdiak baino gutxiago bete ditu Jaurlaritzak

Berria, 2012.12.29


Ingurumen helburuen erdiak baino gutxiago bete ditu Jaurlaritzak

Klima aldaketara egokitu, energia gastua urritu eta mugikortasun eredua aldatzeko konpromisoak urratu ditu Ingurumen Sailak

EAEn airearen kalitatea ona dela esan du Unzaluk, eta Jaurlaritzak erantsi du Kyotoko Protokoloak ezarritako irizpideak beteko dituela. / BERRIA
Eusko Jaurlaritzak 2007tik 2010era arteko eperako ingurumen arloan hartutako 44 konpromisoetatik 19 bete ditu; %45 da hori. Hamasei ez ditu bete (%36), eta bost partzialki gainditu ditu (%12). Gainontzeko kasuetan, Eusko Jaurlaritzak jasotako datuek ez dute argitzen hartutako konpromisoak betetzeko modukoak diren. Hala ere, jasotako datuak modu positiboan interpretatu ditu Ingurumen Sailak, airearen, uraren eta haizearen kalitateak «hobera» egin duela uste baitu.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2010. urteko ingurumen profila aurkeztu zuten atzo Donostian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk, eta Ingurumen sailburuorde Arantza Leturiondok. Profila Bigarren Ingurumen Esparru Programaren parte da; amaiera ematen dio programari, atzo aurkeztutako txostenak lau urteko balantzea jasotzen baitu.

Amaitutzat jotzen duten epeko konpromisoak 11 helburutan sailkatu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horietatik lau bete direla azaldu du Unzaluk: hain zuzen, airearen, uraren eta lurzoruaren kalitatea hobetzea eta berotegi efektuko gas isuriak mugatzea. Hiru helburu ez dira erdietsi —energia kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea, bestelako mugikortasun eredu bat garatzea eta klima aldaketara egokitzea—, eta gainontzeko laurek «betetze maila partziala» izan dute. 2007-2010eko eperako helburuak ziren horiek, baina 2010erako ezarritakoetan emaitza berdinak jaso ditu Ingurumen Sailak. 11 helburutik lau bete badituzte ere, Unzalu eta Leturiondo pozik azaldu dira, aztertutako epean hainbat joera bide onetik doazelako. Hala, sei kasutan bide egokian aritu dela ebatzi du Ingurumen Sailak, eta soilik baliabide naturalen kontsumo arduratsua lortzeko joera da negatiboa.

«Kontsumoko sektore guztietan energia aurrezteko, eraginkortasunez baliatzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko joera sustatzea» espero zuen helburuan, bide horretan egin beharreko lau urratsak urratu ditu Jaurlaritzak. 2010erako 975.000 petrolio baliokide tona aurrezteko asmoa jaso zuen programan, eta bilakaera «positiboa» izan bada ere —930.087 tona aurreztu dira, helburuaren %95—, ez da nahikoa izan helburu horretara ailegatzeko. «Uste dugu proposatutako helburua agian baikorregia izan zela aintzat hartutako aldirako», izan da Ingurumen Sailak ateratako ondorioa.

Energia eraginkortasunari dagokionez, 2000. urteko datuak %16 hobetzea espero zuen Jaurlaritzak, eta 1,9 punturen faltan geratu da. Kasu horretan ere, «baikorregia» iruditu zaio aurrez ezarritako asmoa. Argudio bera erabili du bioerregaien kontsumoa 177.000 petrolio baliokide tonara iristeko helburua ez dela bete azaltzeko; 101.475 tona bioerregai kontsumitu ziren iaz. Jatorri berriztagarrietatik eta kogeneraziotik sortutako energia %29 izateko xedea ezarri zuten programan, baina ez da langa horretara gerturatu; elektrizitatearen %18 iturri horietatik sortu zen iaz, eta bost urtean hiru puntu egin du gora datu horrek.

Kyotoko Protokoloa jomugan

Berotegi efektuko gas isurketen gaineko datuek «joera positiboa» mantentzen dute, Unzaluren arabera. Isurketa horiek murriztu nahi zituen Jaurlaritzak, karbono gutxiago behar duen ekonomia eredu bat sustatuta. Unzaluk 2009ko datua gogoratu du, orduan 22,6 milioi tona CO2 isuri baitziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; %6ko igoera da hori, 2008ko isuriekin alderatuz gero. Kyotoko Protokoloak zehazten duenez, 2012an estatuek ezingo dute 1990ean isurtzen zituzten gasak baino %14 gehiago isuri, eta Euskal Autonomia Erkidegoak helburu hori beteko duela iragarri du Unzaluk.

Datu horiek, baina, azalpen bat behar dute. Izan ere, Jaurlaritzak ezagutarazitakoak ezin dira interpretatu Kyotoko Protokoloak estatuei ezartzen dizkien irizpideen arabera. NBE Nazio Batuen Erakundeak estatu bakoitzari eskatzen dio bere herrialdean isurtzen diren berotegi efektuko gasak neurtzeko. Eta Jaurlaritzak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan isuritako gasak ez ezik, bertako kontsumoari dagozkien kanpoko isuriak ere zenbatu ditu.

Bestelako mugikortasun eredu batera igarotzeko asmoa txertatu zuen Ingurumen Sailak Ingurumen Esparru Programan; hori lortzeko, bidaiariak motorrik gabeko garraioak erabiltzera eraman nahi zituen, eta salgaien garraioa errepideetatik trenbideetara pasatu. Bietan, ordea, kale egin du Jaurlaritzak: 2007 eta 2009 urteen artean apenas egon da aldaketarik bidaiaren garraio ohituretan —bi urtean bi puntu igo da ibilgailuz mugitzen direnen kopurua—, eta beste horrenbeste gertatu da salgaiekin; trenbidez eramandako salgaiak %4 ziren 2006an, eta kopuru bera mantentzen zen 2009an. Helburua, gainera, %15era ailegatzea zen.

Erronka ugari aurretik

Ingurumenaren alde eginiko lanari txanponaren bi aldeak ikusi dizkio Unzaluk: «Ingurumenaren egoera hobetzen ari gara, baina oraindik asko dugu egiteko». Airearen, uraren eta lurzoruaren kalitateak «hobera» egin duela ondorioztatu du Ingurumen Sailak txostenean, eta beraz, joera horiei eusteko ahalegina eskatu du Unzaluk. Mugikortasunaren arloan, aldiz, Unzaluk nabarmendu du berak zuzendutako sailak erronka bat duela aurretik, ibilgailu kopurua «oso altua» delako.

Ingurumenaren kalitatea hobetzeko joerak «krisi ekonomiko sakon eta global baten garaian» egin izana goraipatu du Unzaluk. Horrela gertatu da «administrazioek eta enpresek politika berdeetan inbertitu dutelako, eta ingurumenarekiko kontzientzia duten herritarrek arduraz jokatu dutelako», adierazi du Unzaluk. Gainera, ingurumena aintzat hartzen duten neurrietan inbertitzeko eskatu die enpresei: «Nahiz eta garai onenak ez izan, [Ingurumenaren aldeko neurriek] leihakortasuna handitzen, ekoberrikuntzaren, ekodiseinuaren eta ekoeraginkortasunaren ezagutza garatzen, eta ekonomia hobetzen laguntzen dute».

2007-2010 epeko emaitzak jaso eta ondorioak atera dituenez, 2011-2014 eperako helburu orokorrak ere zehaztu ditu Ingurumen Sailak. Hain zuzen, «berotegi efektuko gas isurketak arintzea, aniztasun biologikoaren galera etetea, baliabideen erabilera eraginkorra eta kontsumo arduratsua sustatzea, ingurumen garbi eta osasungarria bermatzea, erakundeen arteko lankidetza bultzatzea eta intereseko eragile ekonomikoak, zientifiko-teknologikoak eta sozialak erantzule egitea» nahi du Jaurlaritzak.
 





%52
2009an eraikuntzan birziklatu ziren hondakinak. Eraikuntza arloko enpresek hondakinen %70 birziklatzeko helburua ezarri zuen Jaurlaritzak. 2009. urtean, %52 birziklatzera ailegatu ziren.





%99
Iaz aire kalitate ona edo onargarria izan zuten egunak. 2010eko egun guztietako %99tan aire «ona edo onargarria» izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Helburua %95ean ezarri zuen Ingurumen Sailak.

Iturria eta testu osoa: hemen

No hay comentarios:

Publicar un comentario