2012/04/30
Aralarren baliabide ugariak babesteko Natura 2000 Sarea beharrezkotzat jo du Iñaki Aizpuru ingurumen adituak.
Ordiziako Artzain Egunaren eta Aralarko larreen irekiera egunaren
tartean, mendiari begira jarri dira artzain eta ganaduzale asko
dagoeneko. Haiek dira goi larreak gehien erabiltzen dituztenak, eta
neurri handi batean ingurua iraunarazten dutenak. Baina baliabide askoz
gehiago ditu Aralar parke naturalak, eta babesteko nahiz zaintzeko
arreta askorik ez dute jasotzen, aditu batzuen iritzian.
Mendia, orokorrean, eta kontserbazio helburu zehatzei begira, behar
bezala mantentzeko administrazioaren partetik «utzikeria» dagoela
ohartarazi du Iñaki Aizpuru ingurumen teknikari itsasondoarrak.
Duela hamalau urte egin zuten Enirio-Aralar Mankomunitatean
ekintza-egitasmoa, eta 2012-2016 eperako beste oinarri batzuk berritu
ditu Aizpuruk. «Enirio Aralar lurralde zabalago baten zati bezala ulertu
behar dugu, Europa hegoaldeko igarobide nagusian, Pirinioen eta
Kantauri mendizerren artean lotura ekologikoa bermatzeko gune
garrantzitsua», dio egitamuak. Natura eta kultura aberastasunak
zaintzeak behar luke helburu behinena Aizpururen ustez; «erabilera
ekonomikoak lagungarri gertatzen diren heinean sustatu behar dira».
Mendia bere osotasunean babesteko ezinbestekotzat jo dute Europako
Batzordeak gidatutako Natura 2000 Sarearen irizpideak betetzea, lege
izaera dutenez beteharrak direlako. «Aralar bezalako balioko lekuak
edukita, nola zaindu pentsatu beharko dugu».
Ganadu hazkuntzarena da historikoki Aralarren dagon aktibitate bat,
eta mantentzea «mesedegarria» da, biodibertsitaterako edo
ekosistemarako. Baina ganadu kopuruak kezkatzen du ingurumen teknikaria;
«puntua bilatu behar da, gutxiegi edo gehiegi ez dena, baliabidea
mugatua delako».
Belardiak ikertzen ari da EHUko ikertzaile talde bat joan deneko
hamar urtean. Aralarren 50 metro bueltako lau itxitura dituzte. Belar
ekoizpena urtez urte neurtzen dute, aldagaiak kontuan hartuta. Zer
komeni den zehaztu nahi dute teknikoki, zenbat ganadu erabil litekeen
jakiteko. Larrea osatzen duten 70 landare espezie baino gehiago bereizi
dituzte.
Mendiaren erabilera gehiegizkoagatik baliabideek ematen dutena eta
eskariaren artean «gainpasatzeko» arriskua ikusten du Aizpuruk. Gaur
egun 41 artzain txabola daude, bakoitzak larre-lekua izendatuta du.
18.000 ardik bazkatzen dute, udan. Horiei mila behor eta behi inguru
gaineratu behar zaizkie. «Belardien ikerketarekin saiatu nahi dugu
mendiak zer ganadu kopuru har dezakeen geroz eta zehatzago jakiten.
Ganaduarekin eta horren manejuarekin jokatu behar da».
Kudeaketa
mankomunitateak egin behar duela gaineratu du. Mendiaren baliabideen
eta bertako erabileraren artean oreka doitzeak, nola eta zer moztu
erabakitzeak, tira-bira batzuk eragin izan ditu, interes desberdinak
daudelako.
«Ez dira gauza errazak berez. Jendeak hasieran esaten zuen Aralar
librea zela eta mankomunitateko denek zutela eskubidea. 40.000 bizilagun
izango gara hor, eta bakoitzak ardi bat jarrita ere jada ez dira
kabitzen. Administratu egin behar da. Bestetik, hor egon behar duten
langileak ahalik baldintza onenenetan egon daitezela».
Europako habitaten zuzentarauak betetzen hastea galdegin dute
adituek, Natura 2000 araudia txertatzea. «Atzerapen handia daramagu
Europako beste herrialdeekin. Mendia zaintzea gure mesederako da,
gainera. Ura, adibidez, edo eskosistema zerbitzuak beste hainbat dira.
Etorkizunari begiratu behar zaio, jokoan hori dagoelako. Norabidea epe
luzera jarri behar da, eta hara jo, ez unean unekoa lehenetsita».
Maiatzaren lehenean irekiko dituzte Aralarko larreak, Larraitzeko festan
Azkeneko hamabost urtean bezala, aurten ere maiatzaren lehenean
egingo dute Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa) Aralarko larreak
irekitzeko festa. 1998an hasi ziren ekitaldia ospatzen, mendiko larreei
negualdian «atsedena» eman beharra eta ganadu erabileraren denborari
muga jartzea itxuratzeko.
Goizeko hamarretan zabalduko dituzte artisauek salpostuak. 11:00etan
mendiko behorren eta zaldien Gipuzkoako III. Lehiaketa izango da, eta
11:30ean hegazti harraparien erakustaldia egingo du Belatz Haundi
elkarteak. Larreak irekitzeko irudikapena 12:00etan gauzatuko dute,
suziria bota, langa zabaldu eta ganaduari jare eginda. Zaldibiako Roman
Elosegiren terreña idi pareak eta Imanol Paolla hernaniarraren zaldiak
harri-tira apustua egingo dute. Idiek 1.100 kiloko harria erabiliko
dute, zaldiak 1.000 kilokoa. Bertsotan Mikel Mendizabal eta Bixente
Gorostidi ariko dira, eta arratsaldeko erromeria (17:00etan) Triki Beltz
taldeak girotuko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario