12-07-06
EB, 'fracking'-aren inguru aztertzearen alde
Jaurlaritzak beharrezko ikusten ez duela eta, irizpidea aldatzeko eskatu dio Aralarrek gobernuari
Erredakzioa Gasteiz Fracking-aren auzian, Eusko Jaurlaritzaren irizpide baten aurka agertu da Europako Batzordea: gasa haustura hidraulikoaren bidez ateratzeak ingurumenean izango lukeen eragina aztertzearen alde agertu da. Gasteizko gobernuak adierazi izan du ez dagoela halakorik egiteko beharrik, haustura hidraulikoak kalterik ez dakarrelakoan.
Arabako egitasmoen harira, Aralarrek ALE eurotaldearen bidez eginiko galderari erantzunez jakinarazi du Europako Batzordeak erabakia. Beharrezkotzat jo du ingurumen eraginaren ebaluazioa egitea, baldin eta datu objektiboekin ezin bada frogatu ingurumen kalterik ez dela egongo, edo horretaz zalantzarik badago.
EBren iritzia bat dator Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritzak 2009an adierazitakoarekin, Aralarrek gogora ekarri duenez. Hidrokarburoa ateratzeko baimenak lortzeko tramiteetan ingurumen azmterketa txertatu behar dela azaldu zuen, baina azterketa hori planifikazio fasean egin beharraz mintzatu zen; besteak beste fracking-a egiteko instalazioek eragingo luketen inpaktua kontuan hartzeko. Eusko Legebiltzarrak ere ingurumen txostenak egitea hobetsi du.
Jaurlaritzaren ildo orokorra, ordea, ez da azterketa egitearen aldekoa. Hartara, EBren irizpideari jarraitzeko eskatu dio Aralarrek gobernuari: «Ustiaketaren aurreko esplorazio edo azterketa fasean ere egin behar da ingurumen eraginaren gaineko ebaluazioa; ezin daiteke atzeratu enpresei mesede egiteko».
Areago joan da Eguzki talde ekologista, eta haustura hidrauliko bidezko gas erauzketa egitasmoak bertan behera uzteko eskatu dio Jaurlaritzari, «ingurumen eragina aztertzen ez den bitartean, behintzat». Haren ustez, ingurumena babesteko araudiekiko ebazpen «kontsekuentea» eman du EBk, eta fracking-aren kontrako gizarte mugimenduen ondoan kokatu da. Berdin jokatzea galdegin die politikariei: «Erakunde publikoei dagokie ingurumen babesari buruzko informazio objektiboa ematea, eta sentsibilizazioa adieraztea, botere ekonomikoei makurtu gabe»
Iturria: Berria
No hay comentarios:
Publicar un comentario